Erakusketa
Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) Zientzia eta Teknologia Fakultateak Euskal Esperientziak Zientzia Zabalkundean 2018 Topaketako antolatzaileekin batera, Ilustrazio Zientifikoko Berezko Tituloaren ikasleek egindako lanen erakusketa aurkezten du ekainaren 13tik uztailaren 13ra, Carlos Santamaria Zentroan (Donostian).
Erakusketa hiru ataletan banatuta dago:
‘Zientzia Irudikatzen’ atalean, ikasleen hainbat dibulgazio artikulu ilustratu erakusten dira. Atal horretako artikuluak gai desberdinei buruzkoak dira, honegatik atal horrek ‘Genetikatik paleontologiara medikuntzatik pasatzen’ azpi izenburua dauka. Hemen ilustrazio zientifikoaren erabilera transbertsala eta anitza erakusten da.
‘Eskala gainditzen’ atalean 3 dimentsiotako irudiak erakusten dira. ‘Molekula eta planeten artean’ azpi izenburua dauka atal horrek. Hemen marrazkiak begi hutsez ikusezina dena ikusgai egiteko gaitasuna erakusten da.
Azken atalak ‘Natura Ilustratzen’ izenburua dauka eta flora eta faunari buruzko marrazkiz osatuta dago. Atal horrek ‘Ilustrazio naturalista teknika tradizionalen bidez’ dauka azpi-izenburu. Hemen marrazkiak erakusten du naturaren edertasuna eta handitasuna adierazteko gaitasuna, ikusleari jakin-mina, maitasuna eta zaintzeko grina sortarazten diona.