Aurkezpena

 

Euskal Esperientziak Zientzia Zabalkundean 2018 (EEZZ18) kongresuak Euskal Herrian zientziaren komunikazio eta dibulgazioaren ekosistema aberatsean diharduten eragileak bilduko ditu 2018ko ekainaren 14-15ean Donostian EHU/UPV-ko uda ikastaroen baitan Carlos Santamaria Zentroan antolatu den topaketan.

Donostia International Physics Center (DIPC) eta Materialen Fisika Zentroa (CFM-MFZ) ikerketa erakundeek UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrarekin elkarlanean antolatu dute topaketa hau, Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin.

Helburu nagusia zientzia zabaltzeko egiten diren ekimenen berri ematea da hortaz arduratzen diren eragileak elkartuz. Horrela, zientziaren komunikazio eta dibulgazio erakunde nahiz komunikabideetan diharduten profesionalak, STEM hezkuntza informaleko eragileak, ikerlariak, ekintzaile zientziazaleak, zientzia irakasle eta ikasleak elkartuko dira bi egunetan zehar esperientziak elkar banatu eta eragileen arteko saretzea bultzatzeko. Topaketaren baitan honako aktibitateak antolatu dira:

  • Saio nagusiak: hizlari adituekin zientzia zabaltzeko ekimenak, hedabideen zeregina, emakume zientzialarien ikusgaitasuna eta STEM hezkuntza informala izango dira aztergai. 
  • Flash komunikazioak: formatu dinamikoan proiektu berritzaileak aurkeztuko dira hauen sortzaileekin. 
  • Poster sesioa: parte-hartzaileek entzule bezala ez ezik beren proiektuak aurkeztuz parte hartu ahal izango dute poster sesioan.
  • Erakusketa: EEZZ18 kongresuaren egitarauaren parte, ilustrazio zientifikoaren inguruko erakusketa bat antolatu da UPV/EHUko Ilustrazio Zientifikoko Graduondoko irakasle-ikasleek egindako lanekin.

Ekimen honek, 2016ean Udako Euskal Unibertsitateko 44. Udako Ikastaroen baitan burututako "Zientziaren dibulgazioa: aukerak, baliabideak eta erronkak" topaketari jarraipena eman nahi izan dio gure komunitateari elkargune bat eskaintzeko.