Helburuak

Euskal Esperientziak Zientzia Zabalkuntzan (EEZZ18)

Kultura zientifikoa gizartean bultzatzea beharrezkoa da gizarte askeago bat eraiki eta etorkizuneko erronka eta erabakiei arduraz erantzuteko gai izango den gizadia eratzeko. Horretarako, zientzia zabalkundea derrigorrezkoa da. Zientziaren dibulgazioan gero eta ekimen eta proiektu gehiago aurkezten dira urtero. Euskal Herrian ere, zientziaren komunikazioan eta dibulgazioan euskaraz diharduen komunitatea zabala da.

Kongresu honen bidez, testuinguru egokia eskaini nahi diogu komunitateari esperientziak eta proiektuak partekatu eta zientzia zabalkundearen erronkak aztertzeko. Hartu eman hori gurea bezalako komunitate batentzat beharrezkoa dela uste dugulako. Honela, ondoko helburu nagusiak bilatzen ditu ekimen honek:

  • Euskal Herrian zientziaren zabalkundean egiten diren ekimenen mapa orokorra osatzea. Mapa hau erreala zein birtuala izango da, interneten egiten diren ekimenak ere barne hartuz.
  • Zientzia zabalkuntzan parte hartzen duten eragileen foro bat gauzatzea. Horretarako, zientzia-komunikazioaren profesionalak, irakasleak, ikerlariak, kazetariak, adituak, ikasleak eta ekintzaile zientziazaleak biltzea espero dugu.
  • Euskaraz egiten den zientzia zabalkuntzan parte hartzen duten eragileen saretzea eta elkarlana bultzatzea. Horrela, zientzia zabalkundean diharduten pertsona eta erakunde euskaldunen komunitatea sendotu nahi da. 
  • Zientzia zabalkuntzan eraginkorrago izateko hausnarketa. Arreta berezia hezkuntzari jarriko zaio, hezkuntzako eragileekin elkarlana bilatuko delarik.